LYON-CORBASEKO PRESO KOLEKTIBOAREN OHARRA
Urriaren 15ean Lyon-Corbaseko kartzelazainen
probokazio berri baten aurrean aurkitu gara bertan preso gauzkaten sei euskal
preso politikook.
Udaraz geroztik kartzelazainen aldetik
jazarpen maila areagotu zela-eta (12 egun igaro genituen zigor-ziegetan kartzela
barruan kolektiboaren sakabanaketarik ez zela egongo bermatzeko)
zuzendaritzarekin gutxieneko bizi-baldintzak lortzeko ahaleginak eta bi egin
arren, alferrikakoak izan dira egindako saiakera guztiak. Kartzelako
zuzendaritzak,hona ekarri gintuztenetik gure izaera politikoa ukatzeaz gain,
gure oinarrizko eskaerei entzungor egiten jarraitu nahiago izan du… azken
probokazioa iritsi arte.

Giro horretan kokatu behar dira urriaren
15eko gertaerak. Bezperan, goizetik Euskal Herritik abiatu eta Parisen barrena
Lyonera iritsi zen haurrari bere gurasoekin batera egotea eragotzi zioten.
Zuzendari, epaile, arduradunen oniritzia eta behar ziren baimen guztiak izan
arren, ikustaldietako kartzelazain-taldeak eta bereziki larunbata horretan
arduradun zegoen Kartzelazain-Buruak beraiek nahi bezala egingo zela ikustaldia
erabaki zuten: haurrak ez zituen bi gurasoak batera ikusiko. Alferrikakoa izan
ziren guztion ahalegin eta protestak, beraiek erabakitakoa inposatzea lortu
zuten.
Ondorioak larriak izan ziren, Marisol
Iparragirre bultza eta lurrera bota zuten, Jone Lozano ere bultzatu zuten, eta
biei eskuburdinak atzean estu lotuta ikustaldien eremutik emakumeen ataleko
zigor ziegetaraino “manu militari” eraman zituzten: airean, burua aurretik,
ahospez, eskaileretan gora eta behera, ibilbide luzean. Biek dituzte zauri eta
ubeldurak, kolpeak eta gorputz osoa minbera.
Kolektiboaren jarrera irmoak eta sendoak
lortu du beren gezurrak agerian uztea, egindako gehiegikeriaz jabetzea eta
Marixol eta Jone zigor-ziegetatik atera zitzaten behartzea, jarri nahi zieten
zigorra bertan behera utziz.
Aipatu nahi dugu ere, emakumeen ataleko
gainontzeko presoen aldetik jaso dugun elkartasun eta babes beroa. Euskal
presoon aurka egindako gehiegikeriaren aurrean, zigorra erabaki behar zen
tribunaletik igarotzear zeudela, emakume guztiek bazka errefusatu zuten eta ordu
laurdeneko burrunbada egin zuten Jone eta Marixolen askatasuna
eskatuz.
Bizi izan dugun egoera bortitz hau
behingoagatik gauzak argi uzteko baliatzea erabaki dugu. Ondoko egunetan
karztelako agintariak arazoaren tamainaz jabetu dela dirudi eta aurrerantzean
Lyon-Corbaseko euskal presoon eta gure senide eta lagunen arteko ikustaldiak
modu eta egoera lasai eta egokian gertatuko direla hitz eman du.
Lyon-Corbaseko euskal preso politikoen
kolektiboa
Mikel ALBISU IRIARTE
Marisol IPARRAGIRRE GUENETXEA
Urko LABAKA LARREA
Jone LOZANO MIRANDA
Eider URUBURU ZABALETA
Aletxu ZOBARAN ARRIOLA
No hay comentarios:
Publicar un comentario