6 dic 2011

TINKO JARRAITZEN DU IKASLE ABERTZALEAK-EK EGUTEGI PROPIOAREN ALDEKO BORROKAN


Ikasle Abertzaleak-en oharra:

Egutegiak azaletik begiratuz berdinak diruditen arren, kolore ezberdinez margotzen dizkigute Euskal Herrian barrena. Egutegi huts bat dirudite lehen begiratuan; zapalketa egituratu baten konplize dira, ordea.
Egun Euskal Herri osoan, frantziar zein espainiar egutegiak dira gure bizi erritmoa, lan eta klase egunak edota  jai egunak agintzen dizkigutenak.  Naziotasun arrotzen baitan antolatzen diren egutegiak, bi helburu nagusirekin: alde batetik, naziotasun sentimendu arrotzak errotzeko; eta bestetik, gure herriaren ukazioan urratsak emateko.
Euskal Herria burujabe izateko hautua eta gure nazio identitatea desegiteko estrategiaren parte dira, gorriz markaturiko jai egun arrotz hauek. Gure izaera distortsionatzea baino ez dute helburu.
Urtez urte, ezezko garbi eta argi batekin erantzuten diogu euskal ikasleriak jai egun arrotz hauei. Gure jai egunak ez direlako; inposaketa hutsez agintzen digutelako zeinek behar duen izan gure nortasuna. Horregatik egiten dugu gaurkoan ere intsumisioa eta jai egun hauetan klasera joaten gara. Ez dugulako ezer ospatzeko!
Gaurkoan, konstituzio espainiarraren jai egun arrotz honetan, Euskal Herri penintsularreko 50 ikastetxe ingurutan ari gara eskuz esku gure egutegi propioaren aldeko bidea eraikitzen.
Guk, gure bizi erritmo, klase egun eta jai egun propioak ospatu nahi ditugu; gure historia, nortasuna eta beharrak aintzakotzat hartu eta oinarri izango dituen egutegi propioa nahi dugu, Euskal Egutegi Propioa behar dugu!
Iraganean hasitako borroka honetan, egunero eragiten diogu hauspoari etorkizunean jarrai dezan. Eta ez dira gutxi, ikasturte honetan zehar eman ditugun urratsak.
Euskal Herrian barrena arlo eta eremu ezberdinetan antolatzen garen hamaika eragilek, elkarrekin bat egin eta Euskal Herriko egutegia eraikitze bidean hausnarketa sakon bati ekin diogu. Azken urteotan jai egun arrotzen gainean hainbat dinamika eta borroka garatu izan badira ere, eremu eta arlo bakoitzean oso garapen ezberdinak izan dituzte. Baina ildo beretik egutegi propioaren aldarria ere, ez da berria euskal jendartean, saiakera eta eztabaida franko eman izan dira gaiaren inguruan. Eta guk oraingoan ere, ekin diogu bide honi. Egunez egun, gero eta gehiago gara! Herri mugimendutik ari gara!
Ezin aipatu gabe utzi, urriaren 25ean Gernikan burutu genituen Herri eskolak. Hausnarketa honen baitan, praktika bateratu batekin erantzun genion inposaketa berri honi. Izan eta eraiki esan genuen orduan, eta hala jarraitzen dugu gaurkoan ere.
Hausnarketak aurrera darrai, eta guk lekuan leku jai egun arrotzei intsumisioa eginez erantzuten jarraitzen dugu. Eta hori gutxi balitz, ikasleok aurtengoan egutegi propioaren aldeko dinamika andana jarri ditugu martxan Euskal Herriaren luze eta zabalean.
Hezigunez hezigune, egutegi propio baten aldeko aldarrikapena zabaldu eta Eskola Kontseiluetaraino eramaten ari gara, bertan gure egutegi propio baten gaineko erabakiak hartu ahal izateko. Horren bidean, sinadura bilketa masiboak jarri ditugu martxan ikasturte hasieratik hona. Ez dira gutxi, lekuan leku egindako iraultza txikietatik emandako urratsak. Indarrak bildu eta aldarrikapena geroz eta pertsona gehiagorena bilakatzeko asmoz,  egutegi propioaren alde sinadurak biltzen ari gara. Irudimena eskutik helduta, ekimen ezberdinez eman diogu kolorea dinamikari eta aurrerantzean ere pauso sendoak aurreikusten ditugu.
Laudio, Amurrio… Aiaraldean ere, ilusioz eta indarrez ekin diogu egutegi propioaren aldeko dinamikari. Eskuz esku ikasle mugimendua aktibatu eta kolore propioz eraikitako euskal egutegiaren bidean, urrats indartsuak ematen ari gara! Eta ez gara bakarrak!
Txikitasunean garaipenak eginez, handitasuna aldatzea lortuko dugulako. Hezigunez hezigune, herriz herri… guztion artean lortuko dugu!
Egutegi propio baten alde, ikasleok iraultza!

INFORMAZIO ITURRIA:TOPATU.INFO

No hay comentarios:

Publicar un comentario