12 ene 2012

Ekaitz Samaniegoren aldeko mobilizazioa burutuko da larunbatean Gasteizen: Matrioska martxa


Nork ez du desiratu inoiz, kolpatua edo mehatxatua sentitzean, amaren sabelaren babesera bueltatzea?
Ziurrenik, desio horixe izan zuen Ekaitz Samaniegok 8 urtetako kartzela zigorraren aurrean. Baita gutako askok ere, Ekaitzi zuzendutako kolpea gure sentitu baikenuen, kolpe hori beste kolpe askoren arteko bat. Eta, erasoen aurrean, nork bere amaren sabel pribatuan babesa hartzea antzua litzatekeenaren jakitun, sabel kolektibo bat eraikitzeari ekin genion.
Sabel berezia hasi ginen eraikitzen Los Angeles elizan buruturiko itxialdian: Matrioska-sabela.
Sabela kolektiboa. Gure asmoa ez baitzen bere barnean babesa Ekaitzi soilik ematea. Antzeko egoeran aurkitzen diren hamarnaka gasteiztarrak eta ehunka euskaldunak ere besarkatu nahi ditugu gure matrioskaren barrenean. Are gehiago, urteotan desitxuratuak izan arte jipoituak izan diren eskubide zibil eta politikoak kokatu genituen bertan.
Sabel askotako sabela. Lehenengo sabela di-da ehundu genuen, senide, lagun eta hurbileko kolektiboak epaitegien zigorra ezagutu bezain pronto, batu, eta epaia ez ametitzea eta etsipenari aurre egitea erabaki genuen egunean. Estreinako sabel honek herri mugimenduari hots egin zion elkartasun bila, eta honen erantzun azkarrak lehenengoa estali eta bigarren sabela gorpuztu zuen, atxikimendu eta mobilizazio bidez. Gizarte osoari ere luzatu genion elkartasunera lotzeko gonbitea, eta aurreko bien inguruan hirugarren sabela sortzen hasi zen, abenduaren 31ko manifestazio jendetsuari esker. Hiru sabel nagusi hauen barnean eta hauek elikatuz, beste sabel batzuk ere garatu dira gaur arte: kultur munduko pertsonek ehundutakoa, Ekaitz etxean hartu duten pertsonena, saretik gure oihua zabaldu dutenena…
Osagai askorekin eraikitako sabela. Arrazoiak garamatza matrioska eraikitzera. Ez delako bidezkoa Ekaitzi egiten diotena, ezta kartzeletan epaiketa politikoen ondorioz 120 pertsona baino gehiago gatibu egotea edo beste 180 epaiketaren zain. Eskubide zibil eta politikoak hori behar dutelako, eskubideak, eta egun gutxi batzuen pribilegio baino ez dira. Bihotzak ernaldu du matrioska. Ekaitz maite dugulako, Ekaitz eta beste asko maite ditugulako eta ez dagoelako legerik ez epaitegirik hori ekidingo digunik. Erraiek sendotzen dute matrioska. Hainbeste bidegabekeri eta sufrimenduren aurrean NAHIKOA DA!! oihukatzearen oihukatzeaz eztarriak urratuta ditugulako jada.
Askotariko funtziodun sabela. Matrioskaren sabel ezberdinek babesa ematen dute bai. Baina, batez ere, elikatu egiten dute. Elkartasuna, amorrua, animoak, sumindura, maitasuna, konpromisoa… sabel berriak eraiki eta zeudenak indartzeaz gain, matrioskaren sabelek gordetzen dutenarentzako elikagai bihurtzen dira. Eta Ekaitz, eta gazteak, eta beste guztiak indartsuago eta irribarretsuago aurkitzen ditugu horrela. Eta, elikatzen jarraituz gero, egun ahul eta bere kabuz bizitzeko ezgai diren eskubideak gizentzen eta indartzen joango dira pausuz pausu. Harik eta matrioskak, mutilatu gabeko eskubide zibil eta politiko indartsuak erdituko dituen arte. Egun horretan, ez da matrioska-sabelaren beharrik izango, eskubideon praktika orokortuak beraienganako erasoak ezinezko bilakatuko baititu. Egun horretan, egungo erasotzaile harrotuak uniformeak eta togak gordeko dituzte, jakingo dutelako gaur merkeegi zaiena garestiegi litzaiekeela.
Tamalez ez da gaurkoa egun hori. Ekaitz hemen litzateke bestela, beste askorekin batera. Azken asteotan egindako lan eskerga, matrioska-sabelaren eraikuntzaren lehen pausuak izan dira soilik, hastapenak. Sabel gehiago sortu beharra dugu, eta gorpuzten hasi garenak asko sendotu behar dira oraindik. Larunbata honetan, sabel guztiak batera, urrats handiago bat egiteko deia eta gonbitea luzatzen diogu eskubide zibil eta politikoen defentsa guztion ardura dela uste duen orori, nahikoa dela uste duen orori. Larunbatean, sabel ezberdinen arteko auzolanean, euskal Matrioska eraikitzen hastera goaz.
Ekaitzengatik, beste guztiengatik, gu guztiongatik. Larunbatean, Matrioska Martxa. Arratsaldeko 7etan abiatuko da Iparralde Gizarte Etxetik

No hay comentarios:

Publicar un comentario