Gazte Independentisten oharra:
Martxoaren 29an gehiengo sindikalak deituta Greba Orokorra izango dugu Hego Euskal Herrian.
Krisia dela eta azken urteetan gobernu
eta instituzioek hartu duten norabideak, langileon mende oso bateko
lorpenak pikutara bidaltzen ari dira banan banan. Merkatuei men egin
diete gure agintari politikoek. Demokrazian jaio eta bizi garen gazteria
omen gara. Gure gurasoak Frankoren diktadurapean bizi izan ziren eta gu
merkatuen diktaduran bizi gara. Zer aldatu da ba beraz?
Espainiako Gobernuak onartu duen lan
erreformak gazteon egoera prekarioa are gehiago larriagotuko du. Felipe
Gonzalezen gobernuak onartutako lan erreformetan are gehiago sakontzen
du honek, prekarietatea betikotuz. Formakuntza kontratuarekin egon ahal
izango gara 33 urtera arte, 500 euroko pobrezia soldatarekin eta edozein
unetan kaleratuak izateko arriskuarekin indemnizazio miserable baten
truk. Ekintzaileen kontratu gisa ezagutzera eman dutena ere gure
eskubideei zaplasteko galanta da. Urtebeteko proba epea jartzeaz gain
edozein unetan kaleratuak izan gaitezke inongo ordainik gabe. Gainera
gure kotizaziotik gure soldata osatzea eskaintzeko besteko aurpegi
gogorra izan dute.
Patronalak eta gobernuak aitortu duten
bezala, erreforma honek ez du enplegurik sortuko, ezta epe luzean ere.
Suntsitu egingo du.
Gazteok eta ondorengo belaunaldiok ez dugu enplegu egonkorrik
ezagutuko. Horrek bizi proiektu duin eta independentea garatu ahal
izatea ezinezko bilakatzen du. Gainera kontuan izan behar da, murrizketa
politiken ondorioz, emantzipaziorako eta oinarrizko errenta bermatzeko
diru sarrerak nabarmen murriztu direla. Egoerak okerrera egin lezake
gainera.
Gazteriaren egoera latza ez da hor
amaitzen ordea. Gaur egun Hego Euskal Herrian, langabeen %28 gazteak
gara eta gehienei langabezia saria amaitzen ari zaie. Etorkizun beltza
datorkigu, pobrezia eta miseria.
Krisi hau ez da ordea, beste krisi bat.
Krisi sistemikoa da. Kapitalismoa jasangaitza da baina benetako
alternatiba jasangarria sustatu ordez, kapitalismoa berriz formulatzen
dabil elite ekonomikoa euren interesen mesedetan, gainerako herritar
guztion bizkar. Euren eta gure interesak bateraezinak dira, beraz, ez
dago erdibideko irtenbiderik.
Aldaketa integrala behar dugu. Gazteok
independentzia behar dugu gure bizi proiektu duina garatu ahal izateko
eta independentzia behar dugu politika ekonomiko eta sozialak gure
beharren arabera kudeatzeko, herritarron esku izateko. Bizi eredua bera
da aldatu beharrekoa, bizi eredu orekatua eraikitzeko eta hori gure
ustez Sozialismoa da. Oreka aberastasunaren banaketan eta lanean. Baina
oreka era berean ama lurrarekin, gainerako kulturekin eta
komunitateekin, giza harremanetan.
Gazte independentistok dei egiten diogu
gazteriari, langile, ikasle zein langabetu, Greba Orokorrean parte
hartzera. Mobilizatuz eta botereari aurre eginez, borrokatuz soilik
babestuko eta eskuratuko ditugu gure eskubideak. Greba hau gazteria
antolatzen eta mobilizatzen hasteko tresna izan dadila.
Gazte independentistak, 2012ko otsailaren 29an
No hay comentarios:
Publicar un comentario