14 feb 2012

“Jalgi Hadi Garaipenera” dinamika aurkeztu dute Euskal Herriko hainbat gaztek


Aurkezpeneko testua:

Joana zen 1512. Heldu da 2012.  500 urte luze igaro dira, bai, hamaika aldaketa bizi eta pairatu behar izan ditu gure herriak, gauza txikienetatik handienetara, baina esentzia, 500 urte eta gero, berdina da: herri bat izan ginen eta herri bat bagara.
Fernando II.a Katolikoaren gidaritzapeko tropa Gaztelarrek Euskaldunok izan genuen Estatu burujabea indarrez inbaditu eta konkistatu zuten orduan, ondoren sarraski, bortxaketa, lapurreta eta herri honen baita herritar xumeen txikizioa ere bilatuko zuen urteetako epealdia abian jarriz.  Errepresio ankerra, krudeltasuna edota inkisizioa eta jazarpena bezalako hitzak dakarzkigu gogora 1512.urtean bere punturik gorena izan zuen konkista prozesu luze bezain latz hark, baina ororen gainetik, sufrimendu mota guztien gainetik, bada gure baitan nagusi den sufrimendua: gure burujabetza indarrez lapurtu ziguten. Hamaika modutan ahalegindu ziren herri honen oroimena ezabatzen, bertako ohiturak errotik kentzen, herriaren parte zen kultura desitxuratzen eta desagerrarazten, baina ez zuten lortu ordea! Herri hau indarrez kateatu zuten beretzat nahiz ez zuen etorkizun bati, baina horiek baino indartsuagoak izan dira urteetan herri hau lotuta eta batuta iraunarazi izan dituzten kateak!
Jakin badakigu historia gizonek eta irabazleek idatzi ohi dutela, eta gurean ez da ezberdina izan. Historia aldrebestu nahi izan dute askok, euren gisara sukaldatu eta eskaini izan diote herriari, honek nekez irentsi eta sinetsi izan duela. Nafar Erresumaren etorkizuna kolokan zela, egoera bera bideraezina zela, barne liskarrak… eta antzekoak entzun izan ditugu maiz. Kontatu diguten historia, ordea, ez dugu sinisten. Eta asko gara bertsio ofizialei muzin egin eta atzera begiratzean bestelako errealitatea ikusten dugunok. Gaur egun oraindik ere, heziguneetan darabiltzaten historia testuliburuek bere egiten dituzte irabazleen tesiak, belaunaldi berriak era jakin batera hezi nahi dituzte, bere herriko historiari bizkar emanez. Baina ez gaude prest horren aurrean otzantzeko.
Hemen elkartu garenok, agerikoa den beharrizan bati erantzun asmoz, helburu argi batekin bildu ditugu gure indarrak: gure herriaren historian sakondu eta berau azaltzea eta iraultzea. Euskal Herriak bizi duen abagune politikoan, gure arbasoen lekukoa hartu eta iraganeko irakaspenetatik historia idatzi nahi dugulako. Gaur, euskal jendartearen gehiengoak erabakitzeko eskubidearen hautua egiten duen honetan, Gazteok gure etorkizuna marrazteko beharrizana ikusten dugu. Burujabetza zentzu zabalenean ulerturik,  muga geografikoak eta egungo sistemak ezarritako mugen gainditzean eraikitako herria oinarri. Gazteok lurraldetasunetik haratago, jendarte eredu berria sortzeari begira alternatibak eraiki eta garatzeko espazio propioen sorrera aldarrikatzen dugu. Espazio honek izen bakarra duelarik, Independentzia. Bai ekonomikoki, kulturalki… baina batez ere norbanako askez osatutako herri askearen beharra azpimarratzen dugu.
Lan hau burutzeko, Euskal Herriaren historia eta gure erroak arakatzea ezinbestekoa zaigu.  Horregatik, datozen asteotan, Euskal Herriko hamaika txokotan urteetan ezkutatu digutena gazteriaren eskura ipiniko dugu, etorkizuna marrazteko gure iraganaz jabetzea ezinbestekoa zaigulako. Ezkutatutakoa eskuratzeko, webgune bat ere sortu dugu gaur hemen aurkitzen garenak, eztabaida eta edukien hartu emanerako eta herri ezberdinetan emango diren saio horien nondik norakoak jasotzeko: jalgihadigaraipenera.com.
Gaur, lau haizetara ozen esan dezakegu aspaldi gure arbasoen lekukoa harrotasunez hartu genuela, eta iparrorratza argi izanik belaunaldi berriek ere jasoko dutela lekukoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario