AMURRIOKO GAZTE MUGIMENDUAREN OHARRA:
Amurrioko Gazte mugimenduak ere, Martxoko Iraultza bere egiten du eta Euskal Herriko gazteriari borrokarako deia luzatzen dio:
Egun mundu mailan bizi dugun krisien krisi honek inoiz baino ageriago utzi du sistema kapitalista honek ez daukala ez hanka ez bururik eta argi utzi dute berriz ere ez dagoela inondik inora herritarren mesedetara, are gehiago, zapaldu beharreko herritar beste zapaltzen jarraituko dutela euren interesak defendatzearren.
Zoritxarrez krisi honen kaltetuenetarikoak gazteak garela soberan badakigu. Egoera jasangaitzenetarikoak bizi izan dugunak izan gara eta gurekin kontatu gabe egoerak okerrera egitea erabaki dute multinazionanen zein enpresen jabe, politikari, bankari edo beste edozein motatako espezimen nazkagarriek:
– Pentsioa kobratzea zaila izan bada, ezinezko bilakatu nahi digute
– Kontratu prekarioagoetan lan egin dezagun nahi dute
– Gainera soldata miserableago baten truke
– Herritar sumisoago bihurtu nahi gaituzte
– Publiko den guztia pribatuzatu nahi digute (Hezkuntza, osasuna, kultura,…)
– Gehiago esplotatu nahi gaituzte!
– Ez digute guk nahi dugun etorkizuna erabakitzea utzi nahi!
Hoiek dira miseria hutsara kondenatu nahi gaituztenak! Hoiek guztiak!
Baina alde iluna zein den badakigun arren, kapitalismoa bere akatsik larriena egin duela badakigu ere, eta beraiek soberan badakite ere. Badakite gure pazientziak muga daukala eta ez dutela muga hori pasatuko. Inoiz baino lotuago egon behar gara, batasunak indartsuago egiten gaituelako.
Hori guztiaren erakusle da Amurrion urte hauetan eman den gazte loraldia. Helburu komunak identifikatu eta helburuetara ailegatzeko geldiezina izango zaien elkarlanean aritzen Amurrion momentu ederrenetarikoak ari gara bizitzen: Jaietan Gazte eguna antolatuz, Gaztetxearen aldeko jaian, gazteok dugun asanblada indartuz, etab… eta azkenik, eta adibide garbiena, duela gutxi bizitako Landa Zuri etxearen okupazioa. Aprobetxatu nahi dugu gogoratzeko Martxoaren 22an 9 gazte amurrioar deklaratzera deitu dituztela udaletxearen aginduz okupazio horren ondorioz.
Herriari eta gure buruari erakutsi genion badagoela alternatibarik mundu miserable eta suntsitzaile honetan. Landa zurin egon ginen 5 egun horietan urteetako ametsak errealitate bihurtu genituen gazte ezberdinen arteko elkarnalaren bitartez eta lokal publiko eta autogestionatuaren aldeko gazte uholde indartsu bat eraikiz. Interes ilunen ondorioz, soilik teorian gurea ere badena asanblada eta borrokaren bitartez gurea bihurtu genuen.
Ez daitezela saiatu gu engainatzen, erosten, manipulatzen edo beldurtzen. Gu hori baino askoz gehiago gara eta laster ikusiko dute. Urteetan jasandako prekarietate, errepresio, irain, langabezi, buru-garbiketa, mespretxu, umilazio eta esplotazio guzti horrek gorrotoz gainezka besterik ez gaitu sentiarazi, eta ez gara beraien sistema ustelduaren parte behin ere sentitu eta ez gara behin ere sentituko. Eta orain gorroto guzti hori zuen kontra bideratzen ikasi dugu eta zuen erosotasun eta bizi eredu hori hankaz gora jartzera goaz!
Lehen pausuak eman ditugu, eta denboran hurbilenak harrotasunez eman zituen Gasteizeko gazteriak Martxoaren 3an. Gure babesik beroena helarazten diegu langile klasearen izenean botereari hortzak erakutsi zizkioten gazte hoiei! Baina elkartu egingo gara gure artean ere, oraindik indartsuago egingo gara eta laster ikusiko gara baina oraingoan ez da babesa emateko izango, elkarrekin borrokatzeko baizik! Beldurra galdu dugu eta orain gure txanda da.
Hasi da Martxoko iraultza, hasi da gure etorkizuna gogor borrokatzeko garaia. Baina Martxoan ez da dena amaitzen, dena hasten da. Bide luze bat daukagu borrokatu eta eskuratzeko. Badakigu ez dela erreza izango, mila oztopo jarriko dizkigutela, hamaika aldiz gu botatzen saiatuko direla baina badakigu hamaika aldiz ere altxatuko garela. Badakigu borroka, antolakuntza eta desobedientzia direla gure tresnak. Kontrolpean behar dute dena baina ezin izango gaituzte kontrolatu. Gazte langile, langabetu, ikasle, kokotaraino zaudena, emakume gazte……
AMORRUZ ALTXA, HASI DA MARTXOKO IRAULTZA!!!
AURRERA GAZTEAK, GUREA DA GARAIPENA!
Amurrioko gazte mugimendua, 2012ko Martxoan
No hay comentarios:
Publicar un comentario