2012. urteak langabeziaren igoera ekarri du Aiaraldean, eta, etorkizunera begira, egoerak txarrera egingo duela ematen du. Ekonomiaren murrizketa arrazoietako bat bada ere, kaltegarriena lan erreformaren ondorioz enpresariek, lan hitzarmenen negoziaketetan, aurrera eraman dituzten murrizketak dira. Gainera, kontratu berri gutxi egiten ari dira, gehienak egoera ezegonkorrean, lan erreformak ahalbidetuta.
Datuak eskuan, aurtengo lehenengo hiruhilekoa azken 6 urtetako negatiboena izan da Aiaraldearentzat, 3197 langabetuekin. 2007 urtean, “krisi ekonomikoaren” hasieran, 1506 ziren langabetuak, gaur egungoen erdia baino gutxiago. Denbora tarte honetan, langabezia, beraz, %106,3a igo da.
Portzentajeei begira Arrankudiaga izan da kaltetuena, %147,8aren igoerarekin, 23 langabetu izatetik 57 izatera pasatu delarik. Aiarak ere igoera handia izan du, 67 langabetutik 158ra, zeinak %135,8aren hazkuntza suposatzen duen. Hala ere, Laudio da langabetu gehien dituen herria, guztietan biztanle gehien dituena bada ere, 1440 lagunekin. 2007 urteko 757 langabetuekin alderatuta %90,2ko igoera ondorioztatzen da.
Ez da, dena den, biztanleriarena aitzakia, Laudio baita, %16,8rekin, langabetu proportzio handiena duena, atzetik Amurrio %15,8rekin eta Urduña %15,4rekin dituelarik. Beste aldean, aldiz, Orozko, %8,9ko langabetuekin, eta Arakaldo, %9,6rekin, aurkitzen dira.
Gainera, datuetan, emakumeen langabezia tasaren hazkuntza handia islatzen da. Laudion aktiboetatik %20,5a langabetua da, Amurrion %19,4a, Urduñan %18,7a eta Artziniegan %16,5a direlarik.
Hauetatik guztietatik Aiaraldea Hego Euskal Herriko eskualde kaltetuenetatik gertu dagoela ondorioztatzen da.
Aiaran 1010 pertsona pobrezian eta 3334 ongizate gabedun
2008an Eusko Jaurlaritzak egindako inkesta baten arabera Aiaran 1010 pertsona bizi ziren pobrezian eta 3334 ongizate gabe. Langabeziaren datuei begiratuta, eta bikoiztu dela ikusita, datu hauek txiki geratzen dira gaur egun.
Inkestaren arabera, pobreziak EAEko familien %4ari eragiten zion, Aiaran %3,1ak jasaten zuen bitartean. Ongizate gabeziak, aldiz, %14,6 eta %9,9ari, hurrenez hurren.
2004. urtean Aiaran biztanleen %0,4a pobrezian bizi zela kontutan hartzen badugu, eman den eboluzioa kezkatzeko modukoa da. Dena den, datu hauei kontrajarrita, urte horretan bertan ongizate gabedunak %13,1a baziren ere, 4 urtetan 2,2 puntu murriztera heldu zen.
Europa mailako pobrezia ikerketek erakusten dute 2009 eta 2010 urteen artean Hego Euskal Herrian pobrezia %13,45 hazi zela. Azken hilabeteotan eman den langabezia hazkuntzak, soldaten jaitsierak eta lan ezegonkortasunak datu ilunagoak iragartzen dituzte. Gainera, pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako borrokarako sareak (EAPN) Hego Euskal Herrian 390.989 pertsona pobrezia maila desberdinetan bizi direla baieztatzen du.
Gaindeiaren (Euskal Herriko garapen sozioekonomikorako behatokia) arabera 10 bizilagunetatik 1 pobrezia arriskuan aurkitzen da. Egoera latza bada ere, gogora ekarri behar da Euskal Herriaren pobrezia maila Europako baxuenetakoa dela, %10,4koa baita %16,4ko batez bestekoaren aurrean. Gainera, ikerketa berdinaren arabera, zonalde europar aberatsenetariko batetan bizi gara, biztanleko BPGa kontutan hartuta.
informazio iturria:aiaraldea.com
No hay comentarios:
Publicar un comentario