Eskubideak Plazara, Gasteiz * E.H
Eguraldi eskasa gurean. Langabezia, prekarizazioa, bidegabekeria ari du. Eguraldia aldarazi nahi dugunontzako eguraldi eskasa. Ekaitzak Mendebalde osoa hartzen du, noski Euskal Herri osoa, eta ematen du betikotzeko asmoz heldu dela (mendeak dira munduko gainontzeko bazterrak ekaitzaren pean bizi direla) Bizi dugun eguraldia ez da zori kontua ordea. Prestazioen murrizketa ari du, norbaitek diru publikoa krisian sartu gintuzten bankuen erreskaterako behar zuela pentsatu zuelako; hotza ari du, zenbaitzuk gure etxeetatik kaleratzea eta babestuko gintuzketen baliabide sozialak ixtea erabaki dutelako; eguraldia aldarazteko elkartu eta antolatzea nekeza zaigu, botere ekonomiko, politiko eta mediatikoek arazo kolektiboak indibidualizatu eta txirotasuna eta disidentzia kriminalizatzen dituztelako. Martxoan zehar, Gasteizen, eguraldia halabeharraren gauza dela diotenen eta ekaitza programatua dagoela salatzen dugunon arteko borroka bereziki agerikoa izan da. Elkarlanaz hodeitzarrak uxatu ditzakegula sinetsita, oinarrizko eskubideen urraketari, inpunitateari edo patriarkatuari aurre egin diegu kalean. Baita logika aurre-demokratikoetan itotzen gaituen lan-erreformari ere noski. Hamaika deialdietan eta bereziki martxoaren 3an, 8an eta 29an. Greba egunean hain zuzen ere, hiriko kaleak hartu genituen aspaldiko modurik masiboenean. Mugitu gara hortaz, eta berdina egin dute eguraldi eskas hau planifikatu dutenak. Asteotan, poliziaren bortizkeria herri mobilizazioaren tamainakoa izan da. Gasteizko gazte mugimendu anitz eta antolatu berriaren eserialdiaren kontrako oldarraldiarekin hasi zen dena. Ondoren, 30 polizia enkaputxatu ospitaleko larrialdi zerbitzuan sartu ziren bortizki, zauritutako 15 gazteren parteak lapurtu nahian. Hurrengo egunetan, “Gazte altxa, hasi da Martxoko iraultza” ekimenaren deialdi ororen gaineko jazarpena nabaria izan zen. Bortizkeria orokortuak goia jo zuen 29ko greban. Eta martxoari bukaera emateko, hilaren 30ean, doako biolentzia berriro ere, oraingoan Xubanen alde eta polizi bortizkeria gaitzesteko hiriko 15M mugimenduak deitutako kontzentrazioaren kontra. Ertzaintzak greba egunean erakutsitako jarrera errepresiboak inflexio puntua suposatu zuen, bere orokortasunagatik eta erabilitako biolentzia mailagatik. Hamarnaka pertsona identifikatuak, zaurituak eta atxilotuak. Trabak piketeei, eguerdiko eta arratsaldeko deialdi zentraletan bildutako adin guztietako milaka pertsonen aurkako oldarraldiak, jendetzari pilotekin tiro eginez. Poliziaren egiteko moduek greba eskubidea bera urratu zuten. Eta gutxigatik ez zuten hildako bat eragin. Xuban Nafarrate, 19 urtetako gaztea, sei egun eman zituen ospitalean. Horietako hiru kinka larrian, Zaintza Berezien Unitatean ingresatua, metro eskas batzuetako distantziaz tiro egindako pilota batek buruan jo ostean. Zoritxarrez, gaur ez zaigu beharrezkoa poliziaren bertsioa gezurtatzea, Xubanek estropezu egin eta buruarekin lurra jo zuela dioen hori. Bilbon gertatuak Ertzaintzaren lan-moduak eta modu horien ondorioen ardura bere gain hartzeko duen gaitasuna agerian utzi ditu. Gasteiztik agur sentitua Iñigori, besarkadak senitarteko eta lagunentzako, eta erailketa honen aurrean justizia eskaera. Hilketa salatzeko Bilboko herri mugimenduak biharko deitu duen manifestazio deialdiarekin bat egiten dugu. Ez dago eskubiderik, bortizkeria polizialik ez! Kalean mantendu beharra dugu baina. Boteretsuek eguraldia eskasten jarraitzeko erabakia hartua baitute. Irakaskuntza eta osasun arloetan ezarritako azken murrizketak dira azken adibideak. Eta negu gorri hau udaberri bilakatzeko borrokan jarraitu ahal izateko, poliziaren gehiegikeriei aurre egitea ezinbestekoa zaigu. Poliziak baitu bake soziala inposatzeko funtzioa gure oinarrizko eskubideen kontrako eraso hau gauzatzen den bitartean. Murrizketez ez dakien polizia, disidentziarako eta protestarako eskubideak ezerezean utziko dituen kode penal berritua aplikatuko digun polizia. Erresistentzia pasiboa egiteagatik urteetako kartzela zigorra jasotzeko aukera, dituzten asmoen erakusgarri argigarria da. Hau guztiagatik, herri eserialdi batetara deitzen ditugu gasteiztar guztiak apirilaren 24an, arratsaldeko seietan, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. Ordu horretan Rodolfo Aresek agerraldia egingo du greba eguneko poliziaren jokabidearen inguruan eta Xubani egindakoaren inguruan azalpenak emateko. Horrez gain, eskubide zibil eta politikoen defentsan diharduen Plazara! mugimenduak eta martxoko gazte ekimenak hitza hartuko dute martxoaren 3ko bortizkeria poliziala salatzeko. Poliziaren bortizkeriaren kontra, hilabetean zehar errepresioak kaltetutakoekin elkartasunean, eta Xubanen alde deitutako herri mobilizazioa.
http://eskubideakplazara.comyr.com/
Sinatzaileak: ESK, LAB, STEE-EILAS, Asoci. Intercultural Maru, Salhaketa, Elkartzen, Asociación 3 de Marzo, Plazara!, Gasteizko Gazte mugimendua...
No hay comentarios:
Publicar un comentario