15 dic 2011

EUREKIN ERE "KONTATZEKO" JAKINARAZI DUTE GAZTE INDEPENDENTISTEK

Gazte independentisten oharra:

Geroz eta hurbilago gaude Euskal Herriari dagozkion eskubideak aitortuko zaizkion egoeratik. Geroz eta hurbilago benetako bake eta demokraziatik. Askatasunerantz goazen herria gara eta erritmoa herriak berak markatzen du.

7Hainbeste hamarkadako bizia duen gatazkaren konponbiderako oinarriak finkatuz goaz egunez egun. Bide horretan, badira askatu beharreko korapilo sendoak eta horietako bat da preso politikoena. Prozesu demokratikoan aurrera egin nahi badugu, Euskal Preso Politikoak beraien eskubideen jabe izan behar dute ezinbestean. Espainia eta Frantziako gobernuak dira egoera bidegabe hau ezarri eta ahalbidetzen dutenak. Hain zuzen, erantzule bi horiei irmoki exijitzen diegu preso politikoen eskubide urraketa bermatzen duen egungo espetxe politikarekin amaitzea.

Zoritxarrez gazteok hurbiletik ezagutzen dugu bi estatu horien espetxe politika ankerra, azken urteetako errepresio uholdeak antolatzen den gazte belaunaldi oro izan baitu jo puntuan. Gazteriak Euskal Herriarekiko betidanik izan duen konpromisoa handia izan da eta hargatik da kolpatua, torturatua eta espetxeratua. Egungo prozesu demokratikoan ordea, inoiz baino arrazoi gehiagoz esaten dugu askatasunaren alde borrokatzea ez dela delitua.

Gazte independentistontzat lehentasunezkoa da: Euskal Preso Politiko guztiak Euskal Herrira ekartzea, Parot doktrina indargabetzea eta bizi osorako zigorra bertan behera uztea, eta 3/4ak bete dituzten presoak, gaixo larri daudenak eta epaiketarik gabe espetxe prebentiboan daudenak kaleratzea.

EPPKk eman du lehenengo urratsa, orain Euskal Herritarron txanda heldu da. Aurrera egingo badugu, guztion indarrari esker izango da. Bizi dugun hau ez da beste aldera begiratzeko unea, ezta lo gelditzekoa ere. Konpromisoak hartzeko garaia da. Zentzu horretan, dei egiten diogu gazteriari parte hartzeko herriz herri antolaturiko mobilizazioetan, Ibaetan burutzen ari den itxialdian eta Urtarrilak 7ko manifestazioan.
Gazte independentistak
2011-12-13

No hay comentarios:

Publicar un comentario