1 may 2012

Maiatzaren 1eko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute gazte independentistek



Murrizketen eta erreformen testuinguruan iritsi den maiatzaren bata haserrea adierazteko eguna dela esan dute gazte independentistek. Desobedientzia eta intsumisioa tresna gisa hartu eta borrokarako deia luzatu dute.
Gazte Independentisten oharra:
Aurtengo maiatzaren bata iritsi den honetan, hasteko, aurreikuspenik txarrenak betetzen ari direla esan behar dugu gazte independentistok. Martxoaren 29ko grebaren testuinguruan argi azaldu genuen Espainiako gobernua eta Gasteiz eta Iruñeko akolitoak onartzen ari diren murrizketak eta erreformak gazteria pobreziara eta miseriara kondenatzen ari direla.
Ez dute enpresariek denbora asko behar izan lan erreformak eskaini dien txoioa baliatzen hasteko Euskal Herrian. Adibide argigarriak dira Konectak eta Negarrak burutu dituzten kaleratzeak. Gogoan izan behar da gainera erreformaren ondorioz ezegonkortasuna eta segurtasun eza nagusituko direla gazteon artean Formakuntza Kontratuen bidez, gure bizimodua are gehiago prekarizatuz.
Era berean, grebaren testuinguruan ohartarazi genuen Raxoiren gobernuaren agendan hurrengo pausuak hezkuntzan eta osasunean murrizketak burutzea izango zela eta hala izan da. Defizita murriztearen aitzakiarekin kalitatezko hezkuntza lortzeko bidea zabor ontzira bota dute, honen elitizazioa sustatzearekin batera, unibertsitateko tasak igoz eta laguntza bekak murriztuz. Era berean, irakasleen lan baldintzak okertuz sektore publikoan lanpostuak suntsitzen jarraituko dute murrizketa hauen bidez. Osasunean ere egingo dituzten murrizketak medio, zerbitzuen kalitateak eta gure eros ahalmenak ere behera egingo dute, urteetako borroken bidez lortutako eskubideak deuseztatuz.
Testuinguru berezi honetan dator aurtengo maiatzaren bata. Gazte eta emakumeon etorkizuna dago jokoan. Oinarrizko eskubideen deuseztapenari balazta jarri behar diogu ezinbestean. Gazteok Martxoko Iraultzan erakutsi dugu badugula oraina baldintzatzeko ahalmena etorkizun hobearen alde. Desobedientzia eta intsumisioa dira neurri zapaltzaile hauen aurrean ditugun tresnarik onenak. Eta era berean badugu tokian toki alternatiba errealak sortu eta eskaintzeko irudimena ere.
Martxoko Iraultzaren lekukoa hartu eta orain maiatzeko, ekaineko eta hilabete guztietako errebelazioa sortzea dagokigu. Espainiako barne ministerioa konturatu da gazteriak ez duela bakean denbora asko iraungo eta jada hasi da zigor kodearen erreforma onartezinekin mehatxatzen. Oinarrizko eskubideak kendu eta gainera horien aurka protesta egitea ere eragotzi nahi dute, beldurra zabalduz.  Halako ekinbideekin argi uzten dute Espainiako demokraziaren kalitate eskasa. Diktaduraren berezko neurriak dira ezarri nahi dituztenak.
Baina oker dabiltza geldituko gaituztelakoan badaude. Partxeoek jada ez dute balio. Bizi ereduan aldaketa integrala eskatzen duen alternatiba behar dugu eta horretara goaz. Gazteok independentzia behar dugu, gure buruaren jabe izanda eraikiko dugu behar dugun herri eredu orekatu eta solidarioa. Maiatzaren bata izan dadila haserrea erakusteko eguna. Langile borrokaz, guztion indarrak bilduta, etorkizun beltzaren norabidea alda dezakegu. Hala, dei egiten diogu gazteriari maiatzaren bateko mobilizazioetan parte hartzeko

No hay comentarios:

Publicar un comentario