12 oct 2011

Aitor aspuru-ri elkarrizketa


AITOR ASPURU laudioarra Urbinako AHTaren aurkako manifestazioko istiluengatik espetxeratzeko arriskuan dago. Auzia, urriaren 5ean hasi zen, eta ostegunean jarraituko du epaiketak.


Urriaren 5ean epaitu zintuzten beste bost kiderekin batera. Zer dela eta?
Duela ia hiru urte AHTren aurkako manifestazio bat burutu zen Urbinan. Mobilizazioa bukatu eta gero, eseraldi baketsu bat egiten saiatu ginen obren eremu barruan. Ertzaintzak gogor eraso zuen saiakera hau eta, hainbat zauritu eragin eta gero, zortzi pertsona atxilotu zituen. Asteburu horretan Madrilgo Entzutegi Nazionalera bidaltzeko ahalegin bat egin zuen Barne Saila (garai horretan Balza zen sailburua eta Ibarretxe lehendakaria), baina azkenean ez zuten arrakasta handirik izan, Pedraz epaileak ez baitzuen terrorismo deliturik ikusi. Orain sei pertsona izaten ari gara epaituak. Batek akordio bat onartu zuen, lau urteko eskaera fiskala zuen eta akordio honi esker gartzela saiestu du. Besteok bi urte eta bi urte eta erdiko zigor eskaerei egiten diegu aurre "desórdenes publicos" delitua leporatzen digute eta. Pertsona bat ezik, soilik izun bat eskatzen bait diote.


 Zergatik egon beharko litzateke jendea Abiadura Handiko Trenaren aurka?
Abiadura Handiko Trena sistema kapitalistaren zentzu faltaren erretratu bat da. Bai arlo ekonomiko, sozial edo ekologikoaren aldetik. Lurraldea, giza zerbitzuak eta diru publikoa inoiz baino beharrezkoa diren momentu hauetan, estatuak, alderdi gehienek eta enpresa handiek obra honen alde egiten dute lan herritarron diruarekin, gainera.  Bost axola zaie eragiten duten txikizio kultural eta ekologikoa, erabilgarria ez dela izango (argi geratu da Estatu Espainarrean ere puntu hau) edo hainbat herrien aurkakotasuna (hamar herri baino gehiagok galdeketak egin dituzte eta beti ezetzak irabazi du).

Honetaz aparte, proiektu honek kapitalismoak dakarren zentzugabekeri ugari adierazten ditu: metropolizazioa (hau da, herrien hilketa hiriburuen mesederako), derrigorrezko mugikortasuna (lan egiteko geroz eta hurrunago joan beharko gara), hurruntasunaren sustapena gertukotasuna zapalduz (jendeak geroz eta gehiago Londres ezagutzen du baina ez bere alboan dauden herrizkak), kosmopolitismo uniformea (hirietan geroz eta euskara gutxiago hitzegiten da, eta jadanik ez da bakarrik gaztelera hitzegiten dena, turisten eskuetan geratzen gara eta horretarako ingelesa edo frantsesa ikasi behar), osasun eza (obrak zaratak eragiten ditu eta ingurumena birrintzen du), espekulazioa (hirietan batik bat)...

Laburbilduz, AHT mehatxu larri bat da zentzu askotan, beraz beharrezkoa da aurre egitea eta ez soilik hori, kontzientzia bat hedatzea: mehatxu horiek forma asko izan daitezke eta beti prest egon behar gara borrokatzeko. Berdin dio erasoa Euskal Herri mailan ematen den (AHT bezala) edo era lokalago batean (eolikoak, autobideak, merkatal zentruak, zentral nuklearrak...)


Ostegunean jarraituko du epaiketak, zelako epaia espero duzue?
Egia esanda poliziak grabatutako bideoak ikusi behar ditugu eta gero fiskalak eta abokatuek beraien informeak aurkeztu behar dituzte. Hurrengoa epailearen eskuetan geratuko da.

Zure ustez epaiketaren arrazoia zer da judiziala ala politikoa?
Argi eta garbi politikoa. Nahiz eta orain AHTren aurkako mugimendua nahiko kili-kolo egon, botereari ez zaio batere gustatzen bere proiektuak kolokan jartzea ezta horren inguruan eztabaidatzea ere. Gure kasuan nahiko garbi geratu da, fiskalak akordio batera heldu nahi zuen gurekin, baina fiskal nagusiak ez dio utzi. Suposatzen dut bere helburua guri zigor eredugarri bat erartzea dela, baina momentuz ez gara beldurtu nahiz eta baten batek gartzelara joateko aukerak eduki.


Abiadura  Handiko Trena gelditzeko aukerarik ikusten duzu?
AHT geldituta egon beharko litzateke benetazko demokrazia batean. Adibidea Ipar Euskal Herrian dago. Han, Hegoalden bezala, mugimendu zabal bat egon da AHTren aurka eta, momentuz, gelditu dute. Hemen, aldiz, Turkian bezala, dagoen demokrazi ideia guztiz autoritarioa da eta estatuak eta Eusko Jaurlaritzak ez dio jaramonik egin hainbat herritarren ahotsei. AHT, badakigu, ez da bukatuko, edo bukatzen bada, ez da izango botereak nahi duen moduan (Bilbon ez dago dirurik nahi duten geltokia eta pilotakada urbanistikoa egiteko, Gasteizen gauza berbera gertatzen da, eta Donostin ez da egongo Estatu Frantsesetik sarrera liluragarririk). Nafarroan, Foru Aldundiak egoera katastrofiko batean dago murgilduta. Pena izango da AHTren obrak krisia gelditzeak eta ez zentzu ona.

Bestalde, erokeri hau ez bada gelditzen, beldurgarria izango da. 2010. urtean Osakidetzari 270 miloi euro moztu zizkioten AHTri emateko. Zer egingo dute erritmo jasangaitz hau mantentzeko hurrengoan?


AHT bezalako proiektu handiek ama lurra txikitzen badute zergatik egiten dira?
Espainiar eta neurri batean ere euskal ekonomia eraikuntzaren gerizpean bizi izan dira. Jende boteretsu asko dago negozio horren atzean eta momentu honetan, etxebizitzaren merkatua erori denean, munstro guzti horiek elikatu behar ditugu herritar guztiek, botereek erabaki dutelako, ez guk nahi dugulako. Pentsa behar dugu garai oparoetan enpresa horiek (FCC, Vallehermoso, Ferroser, Ferrovial, Sacyr, Dragados, Fonorte... eta neurri txikiagoan Olabarri, Amenabar, Moyua, Euskontrol eta euskal enpresa ez hain ezagunak) sekulako inbertsioak egin zituztela eta gaur egun makina guzti horiek geldirik egotea martxan edukitzea baino askoz garestia dela. Zentzugabekeri hau, lehen komentatu dut (zer pentsatzen zuten, Euskal Herri guztia porlanez eztali behar genuela?), ez da soilik gauza espainiar bat. Begiradatxo bat botatzen badizkiogu PNVk izan dituen proiektu estrategikoei, formula berbera aurkituko dugu, diru publikoa porlanaren jauntxoei ematea (Supersur, Pasaiako portua, autobideak, museoak...). Horregatik dinot adi egon behar garela botereak aurkezten dizkigun proiektu guztiekin, askotan goxoki pozointsuak bait dira. Nork esango dio ezetz aurrerapenari? Baina nork erabakitzen du zer den aurrerapena? Niretzat mendiak, giza ondare natural eta kulturala galtzea ez dauka alde onik. Berdin dit, errepide baten eskutik edo eoliko baten eskutik datorren. Ez dugu "aurrerapen" horren beharrik, pena merezi duen bizitza bat edukitzea baizik, stress, zarata eta presa barik. Noizbait gure inguruan dagoena baloratu beharko dugu, eta ez telebistak edo hedabideek eta alderdiek esaten dutena.

informazio iturria aiaraldea.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario