11 oct 2011

“Urtero bezala egutegi propioaren alde lan egiteko deia luzatu nahi diegu langile gazte eta ikasleei”



URRIAK 12
Gazte independentisten oharra:
¡Viva España!, ¡Viva el Rey!, ¡Viva el Orden y la Ley! Euskal Herria ukatzen duen Espainia, Francok atado y bien atado utzi zuen erregea, eta Euskal Herritarroi gure eskubideak ukatzen  dizkigun eta jazartzen gaituen legea. Guardia Zibilak ozen aldarrikatzen duen esaldi horrek ederki asko laburbiltzen du zertan dabiltzan hemen.

Asteazkenean Espainiako Estatuko hiriak Espainiako lejioaren eta Guardia Zibilaren desfilez beteko dira. Eta medio guztiek esango digute zein handiak diren, zeinen ongi betetzen duten euren lana.
Euskal Herrian, zoritxarrez, ez daukagu urteroko zita honen zain egon beharrik Guardia Zibila edo ejertzitoa egunero gure errepide zein mendietan desfilatzen ikusteko. Kontrolak direla edo atxiloketak direla, maniobrak direla edo manifestazioak direla. Ongi baino hobeto betetzen dute bai, euren lana. Egunero gogorarazten digute non bizi garen, nor den hemen agintzen duena.

Euskal Herrian indarkeriarik gabeko agertoki berriaren alde urratsak ematen gabiltzan bitartean, jazarpenak ez du etenik, eta gazteok badugu horretan zer esana. Ehunka gara gaur egun oraindik, indar armatu arrotz hauen ondorioz gure lan politikoa askatasunez garatu ezin dugun gazteak. Ehunka dira azken urteetan atxilotu eta torturatutako gazteak. Herri askotan, Altsasu edo Lizarra kasu, Guardia Zibilaren presentzia itogarria da. Inpunitate osoz ibiltzen dira gure kaleetan zehar. Eta hau salatzeko ekimenik egin ezkero Entzutegi Nazionalean epaitua izateko arriskua dugu gainera.

Inuzenteegia litzateke ordea, agertoki berrian Guardiaz Zibila eta gainerako sinbolo espainiarrek berehala alde egingo dutenik pentsatzea. Hemen jarraituko dute eta jarraitu nahiko dute gure lurraldean nork agintzen duen gogorarazteko. Ba, bada garaia aski dela esan eta hemendik alde egin dezatela exijitzeko. Ez ditugu maite eta ezta behar ere!

Espainiarentzat handitasunaren sinbolo den heinean, Euskal Herritarrontzat inposaketaren eta ukazioaren eguna da urriaren 12a. Ez daukagu ezer ospatzeko. Hau hala izanik, urtero lez egutegi propioaren alde lan egiteko deia luzatu nahi diegu langile gazte eta ikasleei. Era berean, ikastetxeetan antolatuko diren herri eskoletan parte hartzeko deia luzatzen diogu gazte orori.


Jai egun arrotzei intsumisioa!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario